2010/02/10

Euskararen Udal Plana orain!

Gure herrian euskarak pairatzen duen egoera lotsagabekoa da. Udalak ez du legea betetzen ere, eta publikoak diren hainbeste tokitan (Udaletxean, polikiroldegian, liburutegian...), euskaraz egindako arreta ez da bermatzen.
Baina Portugaleten euskara defendatzaile ugari daude. Hau dela eta, “Euskararen Udal Plana, orain!” aldarrikapenak, gure herriko  eragile ezberdinak (kultur elkarteak, ikastetxeak, dantza eta aisialdi taldeak, koadrilak...)  batu egin ditu.
Plataforma hau sortu zenetik, gertatutako hainbeste gertaera aipatu genituzke: PNV-k Udalaren osoko bilkuran aurkeztutako mozioa eta Udal Gobernuaren ezetza (2008an), Udalak diagnostiko bat egiteko hartutako konpromesua (2008an)… Plataformaren ordezkariek  Udaletxearekin bilera ugari ospatu eta gero, 2010eko aurrekontuetan diagnostikoa egiteko diru partida bat egotea lortu dute.
Harrigarria da Torres alkateak zabaldu duen mezua: “lehendabizikoz euskararako partida Portugaleten”, “herriko elkarteekin adostua”... bat-batean euskaltzale eta partehartzaile bihurtu omen zen Portugaleteko Udala. Euskararen Normalizazio Udal Planaren bidean lehenengo urrats xumea baina ez dena (diagnostikoa) helburu bihurtu nahian, euskararako aurrerapen bezala herriari saldu guran agertu da alkatea. Ezin dugu ahaztu, gainera, orain duela 2 urte hartu zutela diagnostiko hau egiteko konpromesua.  
Ezker Abertzalean, argi eta garbi daukagu gauza bat: Udalak pausu txiki hau eman badu, herri presioari esker izan da. Udal Plan baten atari honetan, bakarrik euskaren alde egiten duten eragile ezberdinen aktibazioarekin lortuko da marraztutako bideari eustea. Bestalde, aipatzekoa da PNV-ren jarrera, azken finean 8 urtez Kultur arloko ardura izan zuten. Zeintzuk dira haiei esker lortutako hobekuntzak?. Ze egoeratan utzi zuten euskara Portugaleten?.
Euskaldunon eskubideak benetan errespetatuak izan daitezen, besteak beste, euskalduntzea Adurretik Ebrora lehentasunezkoa izango deneko markoa behar dugu,  horretarako mekanismo desberdinak eta borondatea ezinbestekoak izango direlarik. Egungo legediak ez du euskara onartzen ez Iparralden ezta Nafarroako zonalde jakin batzuetan ere, EAEko zenbait herritan (Portugaleten, esaterako) paper hutsean geratzen delarik.