2011/01/10

AZETAKO PARKEA - IBAIZABAL NATUR PARKEA

Urteak eta urteak eman ditu Portugaleteko Ezker Abertzaleak, beste talde eta herri elkarte batzuek bezala, Azetako malden etorkizunaz kezkatuta. Gune hau Ibaizabal itsasadarraren bazterretan kokatuta dago eta gune estrategikoa da, paisaien balioengatik ez ezik, landare eta animalien espeziengatik ere. Horren kariaz, azken urteotan batez ere, gune natural hori babesteko beharra azpimarratu dugu, eta Gune Natural Babestua izendatzeko eskaera egin dugu.
Horrela proposatu eta eskatu genuen Hirigintza Plan Orokorrari egin genizkion zuzenketetan eta Udal honetan aurkeztutako hainbat moziotan. Horrez gain, azken hiru urte hauetan, Alde Zaharreko Egitasmoan (“Portugalete bizirik. Alde Zaharra herriaren bihotza”), manifestaldi eta prentsaurrekoetan, jaietarako adierazpenetan, eta Portugaleteko kaleetan zabaldutako bando anitzetan hala adierazi dugu behin eta berriz.

Argi eta garbi azaldu dugu zonalde hori zoru urbanizaezina izendatu beharko litzatekeela eta Ezkerraldeko nahiz Enkarterriko Ondare Industriala eta Meatzaria zein Itsasadarraren inguru geofisiko eta historikoa kontuan hartu beharko liratekeela bertan egin daitekeen edozein egitasmotan; Alde Zaharrarekin batera unitatea osatzen duela eta Portugaleteko bihotza eta birikia direla ere aintzat hartuta.
Zehatzago esanda, gure asmoa gune zabala, natura disfrutatzeko eta eredu ekologikoa izateko etekin ekologikoa izango lukeen lurraldea sortzea zen; Itsasadarraren Natura Gela sortu eta gure herritik kanpo oihartzuna eta hezkuntza zabalpena izango lukeena.
Horretarako guztirako, Udalak ateak zabalik izan beharko lituzke parte hartze zabala, informazioa eta kudeaketa bermatzeko Portugaleteko edozein talde, elkarte edo pertsonarentzat. Ildo beretik, eskubide bera eskatu dugu guzti-guztientzat; udal egitasmoen argibideak eskatu ditugu eta gure proposamenak aurkeztu dizkiegu herriari eta Portugaleteko instituzioei. Hirian Giza Eskubideen Zaintzarako Europar Kartak sustatu nahi dituen bermeak zaindu nahi genituen; besteak beste, Ingurugiroaren Eskubideak, Hirigintza Harmoniatsu eta Jasangarria, Hirian Zirkulazioa eta Lasaitasunerako, Aisia eta Informaziorako eskubideak errespetatuak izan daitezen eta Portugaleteko Udalaren Jasangarritasunerako Ekintza Planeko Herri Agenda 21ean hartutako konpromisoak bete daitezen.
Udalak berak ere urteak eman ditu gune honetarako egitasmoak aztertzen. Azkenean, udalaren jabetza lortzeko ahaleginak egin ondoren; epaileen auziak, jabetza trukaketak eta beste udal lursail batzuen salmentak (San Roke) egin ondoren, Egitasmoen Lehiaketa esleitu eta hiru epe jarraituko ekinbide plana onartu zuten, informazio urria eta herritarren parte hartze eskasa izan zuelarik.
Hala eta guztiz ere, udal instituzioekin izan ditugun harremanetatik eta jaso dugun informaziotik honako ondorioak, argi-ilunak eta galderak azaldu nahi ditugu. Era berean, Azetako Parkearen Egitasmoari buruz, “Ibaizabal Natur Parkea” izendatu duguna, sortu ditugun ondorio praktikoak Portugaleteko Udalari eskaini eta herriari azaldu nahi dizkiogu.

ARGIAK

  • Azkenean, 40 urte luze igarota, behin eta berriz eskatu eta luze itxaron ondoren, lehen aldiko lanak hasi egin dira.
  • Ez da parke “arrunta” izango. Lursail honetako landarediari buruzko azterketa egin dute eta Portugaleterako “birikia” izateko asmoa azaldu dute; horretarako, zuhaizti zabalaz hornitzeko eta bertoko zuhaixkak landatzeko xedea iragarri dute.
  • Landareak, begiratokiak, ibilbideak egoteaz gain, aisialdirako eta atsedenaldirako guneak ere izango dira.
  • Zabalera osoan ibiltzeko modukoa eta argiztapen onekoa izango da.
  • Azeta auzoa, Itsasadarra eta Canilla pasealekua elkartzen ditu; guztiontzako sarbideak eta irispideak izango ditu.
  • Sestaoko Benedicta parkearekin batera jarraitzeko aukera dago.
  • Benedictako tuneletik etorriko den “bidegorri”arekiko lotura eta luzapena azaltzen da eta herrian barna jarraitzeko (itsasadarraren aldetik, behintzat) aukera egongo da.

ILUNAK

  • Oso urria izan da Portugaleteko talde, elkarte eta pertsonen parte hartzea, bai egitasmoa sortzeko prozesuan, bai diseinuaren aldi guztietan; ez da horretarako biderik eman, ezta proposamenak jasotzeko erraztasunik ezarri ere. Argibideak emateko prozedurak gabeziak izan ditu eta, gaur egun ere, ondorio txarrak ekarri ditu.
  • Lursail osoa Gune Natural Babestua izendatzeko eta Zoru Urbanizaezina izaera izateko urratsik ez dute eman.
  • Gaur egun, ez da inguruaren ondare biologikoaren (landareak eta animaliak) eta geologikoaren (ur-sistemak, haitzuloak, harkaiztiak…) katalogorik egin. Gure kezka eta eskaera nagusienetariko bat dagoen ondarea arreta handiz zaintzea eta gordetzea izan da. Tamalez, hasitako lehen aldian, natur ale asko eta asko suntsitu dute, sarraskia egin dute, baso-soilketa hutsa, eta aspaldiko ibilbide guztiak desegin dituzte. Oraindik garaiz gaude hurrengo aldietan jokaera aldatzeko eta zuzentzeko.
  • Ez dago koordinazio eta elkarlanik herrialdeko instituzioekin (Foru Aldundiarekin bidegorriaren kasuan) eta inguruko zein Meatzaldeko herriekin.
  • Alde Zaharreko Plan integralarekiko lotura eta ikuspegi orokor eza nabaria dago, Elizaren zelaia eta geltokiko inguruneekiko bategite asmorik ez dugu antzeman.
  • Ez da aurreikusi egitasmoan Ingurune Gela edo Itsasadarraren Natura Gela sortzeko aukera, arlo pedagogiko interesgarria ahaztu eta alboratu egin dute.

GALDERAK

  • Ez dira gutxi guri sortu zaizkigun galderak, eta ez dira gutxi izango plan hau ikuspuntu kritiko eta eite konstruktiboz aztertu dutenei sortuko zaizkienak. Gure ustez, aipatu zalantza eta argi-ilunak egitasmoa kudeatu dutenen eta herritarren artean sortu diren komunikazio eta parte hartze hutsuneengatik egon dira. Adibide gisa, honako hauek azaldu nahi ditugu:
  • Finantzabideak lotuta omen daude eta hiru faseak ahalmen ekonomikoen arabera diseinatuta daude. Baina, bigarren eta hirugarren faseak “lotuta” daude? Nola? Nolako eragina izango dute azkenaldian, helegiteen ondorioz, lurzoruen desjabetzeek ekarri dituzten sortutako auzi judizialek? Non daude edo nolako eragina izango dute San Roke aldeko lursailen salmentaren emaitza ekonomikoak?
  • Sarbideak, ibilbideak, errepideak, lubakiak… Udalak hamaika hitz erabili du, baina zein izango da errealitatea? Oinezkoentzako bidea eta, bide batez, garbiketa eta mantentze-lanetarako ibilgailuak sarbidea izango da? Ez al da zabalegia horretarako (horretarako bada soilik)? Ez al dago ibilgailu txikiagorik mantentze-lanak egiteko (azkenaldi honetan Udalak erosi dituen garbiketarako ibilgailuak, kasu)?
  • Behar-beharrezkoa al da anfiteatro bat parke honetan? Ez al du metro koadro gehiegi betetzen eta sailaren garapen orokorra baldintzatzen? Ez al du natur ondarea babesteko aukera gehiegi murrizten?
  • Egia al da behin-betiko baztertu dutela aparkalekuak eta merkataritza guneak eraikitzeko aukera?
  • Zeintzuk dira RENFE-ADIF-… instituzioekin hitzartutako itunak? Zer aztertzen ari dira? Geltoki berria izango dugu? Zein eragina izango luke Azetako egitasmoan?
  • Ez al da “labur” geratzen egitasmoa, ez bada Alde Zaharrarekin lotzeko laugarren fase bat egiten?
  • …?

PROPOSAMENAK

Aurreko guztiagatik, Portugaleteko Ezker Abertzaleak honako proposamen hauek egin nahi dizkie, Udalbatza eta Alkate jaunaren bitartez, Udalari eta Herriari:
  1. Udal honek informaziorako, parte hartzerako eta kudeaketarako ate eta bide guztiak zabaltzea Portugaleteko talde, elkarte eta pertsona guztiei. Agenda 21 eta Hirian Giza Eskubideen Zaintzarako Europar Kartak, besteak beste, azaltzen dituzten eskubide eta beharrak zaintzeko mekanismoak ezartzea. Horretarako, epe zehatzak zehaztuko ditu eta baliabide materialak bideratuko ditu, 2011 urteko aurrekontuetan beharrezko atal ekonomikoak esleituko ditu hurrengo fase hauetarako.
  2. Aipaturiko parkea “Ibaizabal Natur Parkea” izendatzea.
  3. Inguru osoa Gune Natural Babestua eta Zoru Urbanizaezina izendatzeko urratsak ematea, dagokion lekuetan.
  4. Ahalik eta lasterren, inguru honen ondare natural biologikoa (landareak eta animaliak) eta geologikoa (ur-sistemak, haitzuloak, harkaiztiak…) jasotzen dituen katalogoa egitea, eta egitasmo honen hurrengo faseetan aipatutako ondarea arreta handiz zaintzea
  5. Era berean, Darsenako arrain eta hegaztien ikerketa egitea.
  6. Parkearen egitasmoan Itsasadarraren Natura Gela eta ingurugiroa aztertzeko Gunea sortzea; parkearen lanen aldi guztiak Natura Gela horren filosofiari egokituz. Horretarako, Portugaleteko Ezker Abertzaleak landu duen Gela sortzeko azterketa eskaini nahi die Udalari eta Herriari. Hala, inguru horrek Itsasadarrarekin, Alde Zaharrarekin eta iragan industrialak utzitako aztarnekin dituen loturak kontuan izango ditu Udalak, eta baita Ezkerraldeko, Meatzaldeko zein Enkarterriko loturak ere.
  7. Parke horretan aurreikusitako bidegorria inguruko herrietan egindako edo diseinatutako besteekin lotura eta jarraipena izatea, hala nola gure herrian segida izatea. Aurreko atalean bezala, Portugaleteko Ezker Abertzaleak egindako Red ciclable Portu-Bizi (Mugikortasunerako hiriplana. Portugaleten txirrindularen bidez mugikortasuna sustatzeko bide-sare baten proposamena) egitasmoan agertzen den ikerketa eta garapena eskaini nahi die Udalari eta Herriari.
  8. Ibilgailuetarako edozein bidea eraikitzea errefusatzeko konpromiso tinkoa azaltzea (garbiketa eta mantentze-lanak egiteko ibilgailuetarako izan ezik). Dauden ibilbide eta pasealekuak berreskuratzea eta mantentzea eta sortuko diren berriak egiteko lanek egun dagoen natur ondarea errespetatzea.
  9. Egiteke dauden lanak berrikustea, Alde Zaharreko birgaitze proiektu orokor batekiko ikuspegi bateratua izanik (“Portugalete bizirik. Alde Zaharra herriaren bihotza” ikerketa eskaini nahi diegu Udalari eta Herriari), biak hala biak itsasadarraren alboan kokatuta eta gure herriarentzako ondare kultural eta natural ezinbestekoak baitira. Hain zuzen ere, Elizaren Zelaia eta geltokiko inguruekiko lotura bultzatu beharko da, hirugarren fasean edo sortu beharko den laugarren fase batean (Ibaizabal Natur Parkea eta Alde Zaharra gure herriak eskaintzen dituen Interesgune Kultural eta Turistikoen artean agertzea proposatzen dugu).
Anitzak dira egin genitzakeen proposamenak. Hala ere, horiek guztiak alferrikakoak izango lirateke informazio, parte hartze eta kudeaketarako ateak eta bideak zabaltzen ez badira, eta gaur egun dauden baliabide urriak eta eraginkortasunik gabekoak aldatzen eta berritzen ez baditugu.
Gure eskuak zabalik daude, eta elkarlanerako eta lankidetza arduratsurako luzatu nahi dizkiogu Udalari.

Honengatik guztiagatik, idazki honen bitartez, Portugaleteko herriari, Udalbatzari eta Alkate jaunari jakinarazi nahi diegu, azaldutako guztiak izapide egokia izan dezan eta ahalik eta azkarren gauza dezaten.

Portugaleten, 2010eko abenduaren 20an.